XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Letagin Zurik atergabe oihu egiten zuen; egiten zuen alarau bakoitza gizon izeneko animaliek barre-algaraka hartzen zuten.

Sudurreko mina gozatzeko gainetik mihia pasatzea bururatu zitzaion, baina hura ere zauriturik zeukanez gero, bi minak batzean, ondoeza areagotu zitzaion, lehen baino oihu gogorragoa egin zuen, etsipen handiagoz eta inoiz baino bakartiago sentitzen zelarik.

Lotsatu egin zen orduan. Ezagutzen zuen barrea eta beronen esanahia.

Ez da erraza jakiten nola animalia batzuek ezagutzen eta ulertzen duten norbaitek burla egiten dienean, baina nolanahi ere, Letagin Zuri jakinaren gainean zegoen.

Gizon izeneko animalia haiek bere lepotik barre egitea gaizki hartu zuen.

Bira eman eta aldendu egin zen, ez suaren arriskutik baizik eta haragiko zauria baino ere barrenago izpirituan sartzen zitzaion isekatik.

Zoratutako piztiak bezala makilari tiraka ari zen Kitxerengana egin zuen lasterka.

Kitxe zen mundu osoan barre egiten ez zion izaki bakarra.

Inularra eta gaua heldu ziren eta Letagin Zuri ez zen amaren albotik aldentzen.

Oraindik sudurrak eta mihiak min ematen zioten baina hori hutsa zen beste kezka baten parean.

Lehen-mina * Lehen mina: mineria (nostalgia) sentitzen zuen, hutsunea, ibaiko eta kobazuloko isiltasun eta patxadaren premia.

Bizitza izaki gehiegiz beterik zegoen.

Gizon, emakume eta haur izeneko izaki haiek ugariegi ziren eta denek zarata egin eta haserreraztea baizik ez zuten lortzen, zakurrak ez aipatzearren, beti gatazkan * gatazka: burruka, tira-bira eta elkarri hortzaka ibiltzen bait ziren, iskanbila eta nahaspila sortzen.

Kanpamenduan, eguratsa bera ere bizi-indarrez pilpilka zegoen.